Karrantzako historia

Venta laperra santutegiak

Itxura musteroidea duten harrizko tresna batzuk dira Karrantzan aurkitutako lehenengo gizaki-aztarnak, Erdi Paleolitikoaren bukaerakoak (k.a. 35.000 urte), hain zuzen ere. Baina Historiaurreko Venta Laperra santutegiak, Euskal Herriko Zaharrenak, arte-lan interesgarriak ditu bere hormetan; izan ere, bertan ikus daitezke historiaurreko gizakiek Goi Paleolitikoan (duela 26000 eta 20000 urteen bitartean) egin zituzten irudi bitxiak.

Urte andanaren buruan, berriz, ehiztariek Neolitikoko zein Brontzezko Garaiko artzain-kulturako hilobi-adierazpen garrantzitsuak egin zituzten Harana inguratzen duten mendietan, eta ondorioz, hainbat tumulu eta trikuharri eraiki zituzten; La Cabaña eta La Galupa I, kasurako. Hau dela eta, Bizkaiko monumentu megalitiko gehienak ingurune honetantxe daude. Gainera, garai honetan, ehorzketak kobazuloen barnean ere egiten zituzten. Horren adibide garbiak dira Aldeacueva, El Polvorín, La Kubía eta Los Judíos izenekoetan aurkitutakoak.

Txanpon erromatarrak

Bestalde, ahozko tradizioak esaten du erromatarrak Haran honetara Ubal mendilerroko magaletan zeuden galena-aztarnategiak ustiatzeko etorri zirela. Horrela, Los Judíos (Sangrices) kobazuloan aspaldi egindako indusketek erromatar zeramika garrantzitsua azaleratu zuten. Eta duela gutxi, ostera, meatzetan lanak egin bitartean argia edukitzeko erabiltzen zituzten zeramikazko tresna batzuen arrastoak ere aurkitu dituzte. Hala eta guztiz ere, Erromatar Inperioa ingurune honetan egon zela egiazta lezaketen aztarnarik adierazgarrienak 1903an egindako aurkikuntzak dira. Urte horretan, La Zorra de Tocornal kobazuloan (Soscaño) Kristo osteko 238 eta 260 urteen bitarteko 103 txanpon erromatar topatu zituzten.

Ondoren, VIII. mendean Karrantzari buruzko lehenengo aipamen idatziak agertu ziren. Garai horretan (739-757), Asturiasko Alfonso I.ak Kantabriar erlaitza eta Penintsulako erdialdea kristauz jendeztatu zuen berriro eta horrelaxe bildu zuen mende bat geroago Alfonso III.ak bere Crónica ezagunean.

Momentu honetatik aurrera, Haraneko lurrak bikoiztu ziren, eta ondorioz, lehenengo elizak, auzoak eta kontzejuak (Ahedo, Ibáñez, San Esteban, Sierra eta Soscaño) agertu eta sortu ziren. Azken horietatik zetorren, hain zuzen ere, Karrantzako errepublikaren gobernua.

Los milagros Ama Birjina

Karrantza Harana Bizkaiari XII. mendean atxiki zitzaion, Diego López de Haro jaunaren agintaldian. Historikoki Enkarterrikoa izan da eta eremu hau XIII. mendean sartu zen Bizkaiko Jaurerriaren barruan. Edozelan ere, mendeetan zehar, bertan elkarte propioak mantendu zituzten. Horrela, garaiko ohitura eta usadioei jarraiki 1394an Abellanedako Batzordea eratu zen, bertako agintaritzaz arduratzeko. Azkenik, lur hauek Bizkaiko Jaurerriarekin guztiz bat egin zuten XVIII. mendearen hastapenetan.

Baina XV. mendean, Karrantzak garai latzak bizi izan zituen, bandoen arteko gudak direla eta. Borroka hauen ondorioz, Harana bi bandotan banatu zen; alde batetik, Gileak, eta bestetik, Negreteak. Liskar hauekin bukatu ostean, Felipe II.aren bakealditik XIX. mendearen lehen herena arte, Karrantzan bi alkate izendatzen zituzten; bando bakoitzarentzat bat, alegia.

Fuentellano trikuharria

Horretaz gain, Karrantzan XVI. eta XVII. mendeen artean hainbat aitonen seme jaio ziren. Batetik, Diego de Ahedo jauna, Palermoko artzapezpiku eta Siciliako erregeordea. Honek Ahedoko gramatika-ikastetxea egiteko agindu zuen. Eta bestetik, honen loba Fromistako abade Fray Diego de Ahedo, Cervantesen lehenengo panegiristatzat jotzen dena.
Azken honek bere osabak Argelen aske utzitako gatibuen bitartez bildutako datuetan oinarrituta, 1610ean “Topografía e historia general de Argel” liburua argitaratu zuen. Bertan zehatz-mehatz biltzen dira El Quijote maisulanaren egileak gatibualdian izan zituen bizipen latzak.

Mendeetan zehar, Haraneko ekonomia nekazaritzan oinarritu izan da. Hau abeltzaintzarekin batera, baserriko ekoizpen-iturri nagusiak izan dira. Gainera, XVI. mendearen bukaera, artoa ekarri zuten, eta horrela, lur hauetan hasi ziren ekoizten Bizkaiko onena. Horrelaxe adierazi zuten Iturrizak eta Delmasek, XVIII. eta XIX. mendeetan, hurrenez hurren.

Alisas baserria

Baina soroen emankortasuna txikia zen eta industriaren presentzia oso eskasa; izan ere, XIX. mendearen bukaerara arte gehienbat burdinolak eta errotak baino ez zeuden. Artisautza-guna txiki hauek ibaietako uren indarra aprobetxatzen zuten eta horrela irautea zaila zela ohartu ziren. Honek beste leku batzuetara joatera bultzatu zituen Karrantzako biztanle asko, eta ondorioz, emigrazio-fluxuak unerik gorenena XIX. mendearen bigarren erdian izan zuen. Miguel Sáinz Indo jaunaren gidaritzapenean sortutako fundazioa 1887 eta 1958 urteen artean egon zen martxan eta honek ahalbideratzen zuen urtero 20 gazte Madril edota Ameriketako lurraldeetara (Kuba, Mexiko, Puerto Rico, etab.) joatea. Gazte hauei arropaz zein oinetakoz betetako maleta eta aukeratutako lekura joateko txartelaz gain, 500 erreal ere ematen zitzaizkien hasierako gastuei aurre egin ahal izateko.

Baina XIX. mendearen bukaeran, Romualdo Chavarri indiano aberatsak egindako ekarpenari esker trenbidea egin zuten eremu honetan eta honek zenbait hamarkadaren buruan Karrantzako ohiko ekonomia-sarea erabat aldatu zuen. XX. mendearen hasierako herenean, frisiar behia ekarri eta gero, pixkanaka-pixkanaka esnea modu espezializatuan ekoizten hasi ziren. Ordutik aurrera, abeltzaintza izan zen udalerriko ekonomia-oinarria, baina, zoritxarrez, lehen sektore horrek egun lan egiteko aukera gutxi ematen diete karrantzarrei.

  • Enkarterrialde
  • Enkartur
  • Enkarterri