Karrantzako geografia-eremua

Karrantza harana Enkarterri eskualdeko mendebaldeko muturrean dagoen Karrantza haranak 137,97 kilometro koadroko azalera du, eta ondorioz, Bizkaiko udalerririk zabalena da.

Haranak 49 auzo ditu, baina horiek ondorengo hamasei kontzeju edota parrokietan biltzen dira: Ahedo, Aldeacueva, Bernales, Biañez, La Calera del Prado, Lanzas Agudas, Matienzo, Pando, Presa, Ranero, San Ciprian, San Esteban, Sangrices, Santecilla, Sierra eta Soscaño. Bestalde, Haraneko erdiguneko Kontxa auzoan dago udalerriko administrazio-gunea.

Mugak

Iparraldean Kantabriako Rasines da Haranaren mugakidea. Ekialdean, berriz, gehien bat Katabriako Valle de Villaverde eta Bizkaiko Turtzioz eta Artzentales udalerriak. Hegoaldean, Burgoseko Mena eta Aguera de Montija. Eta azkenik, mendebaldean, Bizkaiko Lanestosa hiribildua eta Kantabriako Soba eta Ramales de la Victoria.

Mendi-multzo izugarri batek biltzen du Harana eta multzo horretan, mendi izaera argia ematen duten tontor latz eta garaiak daude. Horrela, Ordunteko mendikatearen eta Mesada mendilerroaren hegoaldean 1.000 metro baino gehiagoko hainbat altitude daude. Horien artean aipatzekoa da Zalamaren tontorra (1.335 m); Bizkaiko erliebeko altuenetako bat, hain zuzen ere. Horretaz gain, La Maza de Gumadernia (1.198 m), El Fraile (1.104 m), La Maza de Pando (1.018 m) eta el Burgueño (1.037 m) ere badaude.

Mesada mendilerroan, Zalamatik ipar-mendebalderantz abiatuta Monte grande (1.108 m), Salduero (1.121 m), Peñalta (1.140 m) eta Saltipiñia (1.054 m) tontorrak daude.

Hegoaldean mendebaldeko muturrean, ostera, Ubal mendilerroa dago eta bertan Cotobasero (824 m) gailurra dago.

Haraneko ekialdean, Escrita eta Fuentefria mendizerrak daude. Azken horretan, Armañon (855 m) mendia ikus dezakegu. Gainera, Armañonetik mendikateak aurrera egiten du Raneroko haitzetaraino. Haitz horiek Haraneko iparraldean daude eta horien artean, Karlista punta (737 m) altxatzen da.

Bukatzeko, mendebaldean Mazo (720 m) eta Moro (829 m) gailurrak daude.

Gune geografiko zabal honetan hainbat ur korrontek amildegi estuetan aurrera egin, eta ur-jauzi ugariez lagunduta, Mayor eta Calera ibaiak sortzen dituzte. Eta horiexek dira, hain zuzen ere, Karrantzako lurrak ureztatzen dituzten ibairik nagusienak.

Haran liluragarri bat, ezagutzeko paradisu bat

Informazio gehiago

Tourism of Karrantza
Tourisme de Karrantza
Enkarterrialde
Enkartur
Enkarterri
Nekatur
Euskadi, goza ezazu
Euskalmet
Leyre Barreras-ekin Turismoa