Albisteak

 

Karrantza Haraneko Udaleko Toki Garapenerako Sailak blog bat sortu du, udalerriko herritarrei enpleguarekin eta ekonomia zein gizarte arloko garapenarekin zerikusia duten jarduera, eskaintza eta informazioaren berri emateko.

“Karrantza Desarrollo" du izena eta ardatz nagusia da enpleguarekin zerikusia duten gaien inguruko informazioa eskaintzea, besteak beste: eskualdeko eta inguruko azken laneskaintzak, curriculuma nola egin, eta enpresa-ekimenekin lotutako jarduera interesgarriak.

Udaleko Toki Garapenerako Saileko teknikariek blogei eta Social Media lanabesei buruzko ikastaro bat egin zuten joan den ekainean Karrantzan, eta orduan otu zitzaien egunero gaurkotzen duten blog hau sortzea. Komunikatzeko eta udalerriko bertako ekimenen berri emateko lanabes horiek eskaintzen dituzten abantailak ezagutu ostean, bloga jarri dute abian, tokiko garapenarekin zerikusia duten gai guztiak plataforma digital berean egon daitezen eta Karrantzako Udalaren orria osa dezan.

Kultura Sailak bere bloga duenez, “Karrantza Desarrollo”-k—beste arlo batzuetako jarduerak (besteak beste, berdintasuna, ondarea eta enplegua) ematen ditu ezagutzera.

Hori dela eta, blogean bertan beste informazio batzuk eskura daitezke, beste web orri batzuetarako loturen bidez.

Halaber, Karrantzako Udalaren web orrian (www.karrantza.org) Toki Garapenerako Sailaren blogerako lotura aurkituko dugu, informazio-plataforma berri horretarako sarbidea errazteko.

Blogaren bidez, honako hau lortu nahi da: Karrantzako herritarrei informazioa ematea, Udaleko Toki Garapenerako Sailaren zerbitzua hedatzea eta herritarren interesa piztu dezaketen ekimen guztien berri ematea, enpleguaren eta ekonomia garapenaren inguruan.

Bloga bisitatu nahi dutenek helbide honetara jo behar dute:
http://karrantzadesarrollo.wordpress.com/