Albisteak

Pozalaguako kobazuloak 

ACTE Espainiako haitzulo turistikoen elkarteak datorren larunbatean, martxoaren 20an, egingo du bere batzar nagusia Karrantza udalerrian. Pozalagua haitzuloa berriz zabaldu dute argiteria aldatu ondoren, eta aukera hori baliatu nahi izan du elkarteak batzarra egiteko. Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak Karrantzako Kultur Etxean elkartuko dira larunbat goizean. Bisitariek haranean hartuko dute ostatu Pozalagua ezagutu ahal izateko eta berriztatu duten argiteria berria gozatzeko.

Karrantza udalerria, zehazki Pozalagua haitzuloa, 2007ko otsailean sartu zen ACTEn, hain zuzen ere haitzuloa aurkitu zenetik 50 urte betetzen zirenean. Gaur egun, Estatuko haitzulo gehienak dira irabazi asmorik gabeko elkarte horretakoak. Elkartearen helburua da bazkideen, eta, ondorioz, elkarteko eta Estatuko lurrazpiko turismo sektoreko haitzulo guztien interesen ordezkaritza, sustapena, defentsa eta kudeaketa gauzatzea.

Elkarteak 33 haitzulo biltzen ditu, besteak beste, Euskadiko Pozalagua eta Oñatikoa (Gipuzkoa), Kantabriako Soplao eta Altamira eta Granadako “Cueva del Agua” izenekoa. Pozalaguak eta “Cueva del Agua” haitzuloak oso harreman estua izan dute beti eta iritziak eta aholkuak trukatzen dituzte euren artean.

Haitzulo turistikoen elkartea 1997an sortu zen, eta harrezkero berak biltzen dituen haitzulo guztiekin elkarlanean aritzen da ondare turistiko horiei zabalkunde handiagoa emateko. Hori dela eta, ACTEren Zuzendaritza Batzordea aldian-aldian elkartzen da, eta, oraingoan, Karrantza aukeratu du batzarra egiteko. Nolanahi ere, bazkideen batzar nagusia ere egiten da, eta Pozalaguak ordezkaritza du batzar horretan, gainerako haitzuloek bezalaxe.
Geologoek eta geologian adituek osatzen duten elkarte horrek aholkularitza eskaintzen die Estatuko haitzulo guztiei, eta urtean zehar zenbait ekintza antolatzen ditu, besteak beste, Penintsulako 15 herri bisitatzen dituen erakusketa ibiltaria, zientzia batzordea edo Granadako “Cueva del Agua” izeneko haitzuloan antolatzen duen laborategia. Laborategi horretan argiteria arloko berrikuntza eta teknika berri guztiak probatzen dituzte, ondoren kideei aholkularitza eskaini ahal izateko.

Gainera, ACTEk beste ekimen batzuk ere gauzatzen ditu lurrazpiko turismoa sustatzeko: lurrazpiko zulo guztien kontserbazio eta babesa sustatzea, turismo aldetik interesa sortuz; sustapen aldetik interesgarriak diren azterlan eta agiri mota guztiak bildu eta argitaratzea; eta haitzulo turistikoen ustiapena hobetzen duten neurri eta laguntzak eskuratze aldera irizpideak bateratzea.

CUEVATUR biltzarra dugu horren guztiaren adibide. Biltzar hori bi urtean behin egiten da Estatuko hirietako batean haitzuloen sustapen arloan egin diren azterketa eta lan guztien berri emateko. Lehenengo CUEVATUR biltzarra Lekunberrin egin zuten duela lau urte, eta azkenekoa Santanderren 2008an. 2010eko azaroan biltzar horren hirugarren edizioa egingo dute. Hain zuzen ere, biltzar hori izango da datorren larunbatean Karrantzan egingo duten batzarreko gai nagusietako bat.

ACTEren Zuzendaritza Batzordeak haranera egingo duen bisitaldia baliatuko du Pozalagua ezagutzeko. Haitzuloa joan den azaroan itxi zuten berritze lanak egin ahal izateko, eta martxoaren 19an, ostiralean, zabaldu dute berriro.