Albisteak

 

:: Abenduaren 22an egingo da, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00etara bitartean, Concha plazan.
:: Mota guztietako osagaiak erosi eta saldu ahal izango dira azokan egongo diren bi guneetan: dohaintzan emateko gunean eta salerosteko edo trukatzeko gunean.
:: Nahi dutenek “saltzaile anonimo” gisa parte hartzeko aukera izango dute.

Datorren abenduaren 22an, Karrantza udalerriak bigarren eskuko produktu edo zerbitzuak salerosteko eta trukatzeko I. azoka egingo du Concha plazan. “Denboraren Bankua” taldeak antolatu du. Bankua duela gutxi sortu da udalerrian, Karrantza Haraneko Udalaren laguntzarekin. Horrela, elkargunea izango da, erabilitako objektuak edota artisautzako eta baserriko produktuak erosi, saldu edo oparitu nahi dituzten guztientzat. Azokak 50 “stand” edukiko du eta inskripzioaren epea orain dela aste batxuk itxi zen jende asko apuntatuta zegoelako.

Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte egingo da azoka, eta honako hauek aurkituko ditugu bertan: elikagaiak, animaliak, antzinako gauzak, etxetresna elektrikoak, elektronikakoak, telebistak, bideoak, telefonoak, argazkigintzako objektuak, tresnak, informatika, jolas elektronikoak, ohiko jolasak, jostailuak, liburuak, mendiko materiala, eskiatzeko materiala, altzariak, musika, musika-tresnak, filmak, DVDak, moda osagarriak, arropa, aldizkariak, komikiak, haurtxoentzako objektuak, sukaldeko tresnak, ibilgailuak, mekanika piezak, eta abar.

Bi gune zehatzetan banatuko da azoka. Alde batetik, gune batean jendeak oparitu nahi dituen objektuak jarriko dira, horiek eskuratzeko asmoa duen bakoitzak, gehienez ere, bi objektu eskura ditzan. Eta, beste alde batetik, salerosteko edo trukatzeko guneak hartuko du lekurik handiena Concha plazan. Mota guztietako produktuak egongo dira bertan, eta azokako parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du zein balio ekonomiko eman.

Bi guneak gehiago ikus daitezen, kolore ezberdinetako pegatinak banatuko dira salerosteko eta trukatzeko objektuak edo produktuak bereizi ahal izateko.

Ekimen horretan, hainbat stand jarriko dira, parte-hartzaile kopuruaren arabera, eta bertan jarriko dituzte euren produktuak eta objektuak. Gainera, horrez gain, Karrantzako herritarrei lehenengo azoka honetan parte hartzeko erraztasunak emate aldera, saltzaileak anonimoak izateko aukera egongo da. Horretarako, guztiontzako mahai batean jarriko dituzte euren objektuak, eta antolatzaileak arduratuko dira objektu horiek saltzeaz.