Albisteak

 

Datorren ostiralean, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Karrantzako Udaletik gure aitorpena adierazi nahi diegu emakumeei, berdintasunaren alde egin izan duten eta oraindik ere egiten duten borrokagatik. Emakumeek gizartean gizonen pareko partaidetzaren eta norberaren garapen osoaren aldeko borroka gogoratzen da, beraz. Landa-giroko bizitokietan (Karrantza bezalakoetan) emakumeen zeregina garrantzitsua izan da historikoki, eta horrela da gaur egun ere.

Horregatik guztiagatik, gure Udalak omenaldi xumea egin nahi die emakumeei. Zehazki, Pozalaguako kobazuloetan doan sartzeko sarrerak emango ditu martxoaren 9rako. Beraz, martxoaren 9 honetan (larunbata) bisitatzen gaituzten emakumeek, edozein adinekoak izanda ere, doako bisita egin ahal izango dute.

Beste alde batetik, neurri honen bidez Pozalaguako kobazuloetako bisitak indartu nahi ditugu, azken urteotan bisitarien kopurua txikiagoa izan baita: gutxi gorabehera, erdira murriztu da.
Pozalagua kobazuloa publiko eta adin guztietarako egokituta dago, eta argiztatze berria duen bisita ikusgarria egin daiteke. Horri esker, estalaktita eta estalagmiten berezitasunak are nabariagoak dira, eta eszentrikoak dira bereziki azpimarratzekoak; izan ere, ez dira batere ohikoak, eta mundu mailan ospea eta entzutea lortu dituzte.

Armañóngo Parke Naturalean dagoen Pozalagua kobazuloaz gain, aurten bisitariak doan sar daitezke Parketxera, alegia, orain dela gutxi sortu den interpretazio zentrora. Bertan, jolasen bidez ezagutu daitezke Karrantzako naturaren alderdirik nabarienak, Bizkaiko benetako birika berdea eta erreserba naturala baita. Parketxea kobazuloaren beraren ondoan dago, eta ikus-entzunezkoak dituzten gelei zein teknologia berrietan oinarritutako erakusketei esker, Karrantzako Haraneko fauna eta flora hobeto ezagutuko ditugu.

Ordutegia:
Pozalagua kobazuloa
11:00etatik 18:00etara (azken emanaldia 17:00etan da).
Gutxi gorabeherako iraupena: 45 minutu.

Harremanetarako telefono-zenbakiak:
94 6806 012
651 708 660