Albisteak

 

Karrantza Haranako edateko uren araztegi berriaren proiektua idatzi, lanak egin eta abian jartzeko inbertsioa 8,5 milioi eurokoa izango da.


Bizkaiko Foru Aldundiak Gobernu Kontseiluan Karrantza Haranako araztegia egiteko aurreproiektua onetsi du, 8,5 milioi euroko aurrekontuarekin.

Araztegiari dagokionez, proiektua egiteko epea lau hilabetekoa izango da, eta 15 hilabetekoa, aldiz, obrak egin eta zerbitzua abian jartzeko.

Proiektua osatzen duten lanak, EUA barnean hartzeaz gain, hauek nabarmendu daitezke: ur gordinaren biltegia, tratatutako ura, araztegian sartzeko bidearen egokitzapena, La Cerrojako EUAtik San Estebango biltegira jaisten den hoditeriaren desbideraketa, ur gordina jasotzeko kolektoreak, tratatutako uren irteera-kolektoreak, putzu septikoaren ezarpena, energia elektrikoaren lotura-hodia, edateko ura eta telefonia, eta lanen ondorioz ukitutako zerbitzu guztien birjartzea.

Xedea tratamendurako gune bakarrean biltzen den hornidura-eskema zentralizatu berria diseinatzea da, Karrantza Haranako biztanle guztiek kalitate hobeagoko ura jaso eta hornidura osorik bermatu ahal izateko.

Halaber, jarduketa horren bidez geografia malkartsuak baldintzatutako egungo sistemaren funtzionaltasuna nahiz irisgarritasuna hobetu nahi dira. Hori dela medio, sistema malguagoa, edukiera handiko bi instalaziotan (La Argañedako eta La Cerrojako baltsak) oinarritutako hornidura bikoitzaren abantailak konbinatzen dituena sortzen da. Bi obra horiek hornidura bermatuko dute edozein larrialdiren aurrean, eta ustiapen eta mantentze lanak ahalbidetuko dituzte.

Egun dauden hiru instalazioen ordez egingo den EUA (Edateko Uren Araztegia), hasiera batean, San Esteban auzotik hurbil jartzea pentsatu da, ikuspuntu hidraulikotik, abantaila gehien eskaintzen dituen kokapena baita. Segundoko 60 litroko edukiera izango du.

Araztegia eraikin berri batean egongo da, eta La Cerroja eta La Argañedako baltsekin lotuta egongo da. Tratatutako ura araztegi horretatik egun dauden biltegietara, hau da, La Pedrajara, La Cerrojara eta Matienzora, banatuko da. Hala, horietan uretan behera dagoen eskemari eutsiko zaio.


35 milioi euro ur-sarea hobetzeko

Gaur onetsitako aurreproiektua Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak onartutako neurrien multzoaren barnean hartu da, Karrantzako hornidura- eta saneamendu-sareak hobetzeko. Hain zuzen ere, foru-erakunde horrek ia 35 milioi euroko zenbatekoa inbertitu du. Hala nola, La Argañedako erregulazio baltsaren eraikuntza, La Cerrojako biltegi berria, Presa, Villanueva de Presa, Aldeacueva eta Salviejo auzoak hornituta, eta haranean egingo diren beste zortzi obra, horien artean, San Estebanen urak tratatzeko instalazioa (3 milioi), Pedraja, La Cerroja eta Matienzoko ur-bideak, San Estebango EUAraino doazenak (1,8 milioi), Karrantzako ur zikinen araztegia eta bertara iristeko sarbidea (7 milioi), saneamendu kolektoreak (14,2 milioi) eta Dolomitako lurzoru kutsatuen tratamendua (2 milioi).

Aurrez ikusitako jarduera horiek eta 1995. urtetik hona egindakoek -guztira, 17.700.000 euroko inbertsioa eginda- Karrantza Harana, uraren kudeaketari dagokionez, egoera onean utziko dute, batetik, etorkizuneko hornidura-beharrizanak bermatuko dituztelako, eta, bestetik, ur zikinen kudeaketa ona ahalbidetuko dutelako. Azken batean, Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua uraren erabilera iraunkorra lortzea da, urak babesteko esparrua (2000/60/EB) eta ur-sistemen hondatze ororen prebentzioa aintzat hartuta.