Albisteak

 

Lege hau oso zabala da, eta hainbat alderdi eta lan-esparru hartzen ditu barne. Nik, gaur, Landa Guneak izeneko atalari buruz hitz egingo dut gehienbat, baita Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta Bizkaiko Foru Aldundiak egin duen inbentarioari buruz ere.

Hau da Landa Guneen (LG) definizioa: 1950 baino lehenagoko 6 etxek edo gehiagok osaturiko multzoa, gune publiko baten edo elementu partekatu baten (iturria, plaza, eliza...) inguruan bildua. LG horiek hazi egin ahalko dira, eta horretarako hasiera batean multzoa osatzen zuten etxebizitzen erdia eraiki ahalko da, 25 etxebizitzatara arte, gehienez.

Karrantzak 137 km2 ditu, eta, beraz, Bizkaiko udalerririk zabalena eta Euskal Herriko zabalenetarikoa da. Karrantzaren geografia oso berezia da; inguruan dituen lau mendikateek primeran lerrokaturiko haran bat osatzen dute, eta haran horren mendi-hegaletan sakabanatzen dira gure udalerriaren historia idatzi duten auzo ugariak.

Haranaren erdigune geografikoan Concha eta Ambasaguas auzoak daude, eta bi auzo horiek dira egun hiri-lurzoru izaera duten auzo bakarrak. Halaber, bi auzo horietan dago udalerriko administrazio- eta zerbitzu-gunea, bertan baitaude udaletxea, osasun-zentroa, saltokiak eta abar. Egia da udalerriko auzorik jendetsuenak direla, baina Haraneko bi auzo baino ez dira, eta, gainera, historikoki, hegalean gorago kokatutako hainbat auzo bi horiek baino zaharragoak dira.

Hori dela eta, hiri-lurzoru gisa sailkatuta daudenez gaurkoan eztabaidagai ez diren bi auzo horiek alde batera utziko ditugu, ezingo bailiokete erantzuna eman oso gertagarria ez dirudien hazkunde demografiko bati (besteak beste Lege honen aplikaziotik eratorritako arrazoiak direla eta), nahiz eta bertako espazio-mugak eta eraikitako etxebizitzak gako diren gai honetan. Horren ordez, Landa Guneak aztertuko ditugu.

Horretarako, Aldundiak berak egindako inbentarioa hartuko dugu oinarri. Inbentario horren arabera, Karrantzan 44 LG daude.

AUZOEN AZTERKETA

Lehenik eta behin, esan behar dut Karrantzako 6 auzo historikoek ez dutela ezta LG izaerarik ere, ez baitute norbaitek, nork daki zeren arabera, idatzi zuen LGen araudiko definizioa betetzen (1950 baino lehenagoko 6 etxek edo gehiagok osaturiko multzoa, gune publiko baten edo elementu partekatu baten (iturria, plaza, eliza...) inguruan bildua). Hala ere, 6 auzo horiek Karrantzako gainerako auzoak bezain garrantzitsuak dira.

LG izaera ez duten auzoak:

  • Montañán, Rioseco, Salviejo, Valnera, El Suceso eta Las Torcachas.

EZINEZKOA DA BERTAN ETXEBIZITZAK ERAIKITZEA

LG izaera duten baina guztiz beteta dauden auzoak:

  • Biañez, El Callejo, San Esteban, Soscaño, La Tejera eta Sangrices

EZINEZKOA DA BERTAN ETXEBIZITZAK ERAIKITZEA, zehazki biztanle gehien duten bigarren auzo multzoa izateagatik eta erdiguneko bi auzoetatik -Concha eta Ambasaguas- kilometro batera baino gutxiagora egoteagatik (Sangrices auzoa izan ezik; mendi-hegalaren beste aldean baitago, erdigunetik hainbat kilometrora). Legearen arabera, LGek ezin dute 25 eraikin baino gehiago izan. Aipatu auzoek 25 etxebizitza baino gehiago dituzte.

  • Horietan guztietan, 102 etxebizitza eraiki ahal izatetik (horixe diote gure Arau Subsidiarioek) 0 eraiki ahal izatera igaroko gara, Lurzoruaren Legeari jarraituz gero.

Eraikitzeko gaitasuna nabarmenki galdu duten auzoak:

  • Ahedo: 16 etxebizitzatik 2 etxebizitzatara.
  • Bollain: 13 etxebizitzatatik 3 etxebizitzatara.
  • Matienzo: 9 etxebizitzatatik 1 etxebizitzatara.
  • Ranero: 11 etxebizitzatatik 2 etxebizitzatara.
  • Trevilla: 12 etxebizitzatatik 5 etxebizitzatara.
  • Bernales: 10 etxebizitzatatik 4 etxebizitzatara.
  • Cezura: 15 etxebizitzatatik 8 etxebizitzatara.

Eraikitzeko gaitasuna galdu duten auzoak, nahiz eta galera ez izan hain nabarmena:

  • Sierra: 10 etxebizitzatatik 5 etxebizitzatara.
  • Paules eta Las Llamas: 20 etxebizitzatatik 11 etxebizitzatara.
  • Presa eta Villanueva: 19 etxebizitzatatik 12 etxebizitzatara.
  • San Ciprian: 7 etxebizitzatatik 4 etxebizitzatara.
  • Treto: 8 etxebizitzatatik 5 etxebizitzatara.
  • Aldeacueva (orain 3 auzotan banatuta dago): 19 etxebizitzatatik 17 etxebizitzatara.
  • Bustillo: 4 etxebizitzatatik 3 etxebizitzatara.
  • La Herran eta Sancides: 7 etxebizitzatatik 6 etxebizitzatara.
  • Las Bárcenas: 8 etxebizitzatatik 7 etxebizitzatara.
  • Eta abar.

Eraginik jasoko ez duten auzoak edo alegazioei esker zatitu egingo direnak eta, ondorioz, eraginik jasoko ez dutenak.

  • Molinar eta Otides: 4 etxebizitza posible.
  • Manzaneda de Sierra: 2 etxebizitza.
  • Los Lombanos: 4 etxebizitza.
  • La Lama eta Herboso: 5 etxebizitza.
  • La Calera: 4 etxebizitza.
  • Eta abar.

Horiek, hain zuzen ere, udalerriko auzorik txikienak dira.

Laburbilduz, gure Arau Subsidiarioen arabera Karrantzako auzoetan 394 etxebizitza eraiki ahal izatetik 188 baino ezin eraiki ahal izatera igaro gara, LGen inbentarioa aplikatzen badugu.

Dirudienez, lehentasuna eman beharko genioke udalerriaren erdigunean pisukako eraikinak eta urbanizazioak eraikitzeari, baina gaur egun ez dago horrelakorik, eta horrek aldatu egingo luke gure udalerriaren idiosinkrasia, guztiz landatarra baita, eta inposatu nahi den hazkunde-ereduak ez du inola ere errespetatzen ez udalerriaren autonomia ez Karrantzako herritarren nahia.

Horrelako inposizioek eragiten dute herritarrak erakundeetatik urruntzea, zenbait lege ulertezin bilakatzen dituzte eta agerian uzten dute erakundeak eta, kasu honetan, Eusko Legebiltzarra, ez direla gai zalantzarik gabe Bizkaiko udalerririk berezienetariko bat denaren arazoei erantzuteko, udalerriak ohikoak ez diren berezitasunak eta beharrak baititu. Legebiltzar hau ez da gai gure berezitasunari behar bezalako erantzuna emateko.

Gure udalerrian ez da inoiz "neurririk gabeko hiri-hedapenik” gertatu, horrela dei badiezaiokegu; alabaina, Lurzoruaren Legea aplikatzeak ondorio sakonak izango ditu Karrantzan, mugatu edo, are gehiago, debekatu egingo baitu gure auzoen hazkunde logikoa eta historiaren araberakoa. Horren ondorioz, Karrantza inoiz izan ez den, gaur egun ez den, eta guk inoiz izatea nahi ez dugun zerbait bilakatuko da.

Horrek areagotu egiten du bertako herritarrek dugun irudipena, hau da, erakundeek ez dutela Karrantza aintzat hartzen, eta hori behin baino gehiagotan salatu dugu.

Bukatzeko, azaldu nahiko nuke zein den gaur egun dugun legezko egoera. LGen behin betiko inbentarioa onetsi zenean, Karrantzako Udaleko kideok berraztertzeko errekurtsoa jarri genuen Bizkaiko Foru Aldundian. Legeak 7 urteko luzapena (2021. urtera arte) ematen die Udalei aipatu Lurzoruaren Legera egokitu daitezen; alabaina, gure kasuan, une honetatik bertatik behartuta gaude udal-araudia egokitzera eta Lurzoruaren Legeak adierazitakoa betetzera LGen kontuari dagokionez, eta etxebizitza bat eraikitzeko edozein eskaeraren aurrean gure Arau Subsidiarioak eta LGen inbentarioa uztartu behar ditugu. Zentzugabekeria horren aurrean, ez dugu baztertzen epaitegietara jotzea, gure ustez justifikaziorik gabeko bidegabekeria dena salatzeko. Hala ere, nahiago genuke gobernu honen arduradunek Karrantzako herritarren nahia entzungo balute. Joan den urtean Legebiltzar honetan ordezkariak dituzten talde guztiekin bildu ginen, eta zegokion Batzordean agertu ginen; alabaina gure aldarrikapenek ez zuten balio izan Legea aldatzeko. Ez dugu esperantza handirik gaurko gure agerpenak gauzak aldatzeko balioko duenik, baina, dena den, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet Batzorde honetan hitz egiteko aukera emateagatik. Beste behin ere, nire udalerriko auzokideen ordezkari gisa dudan erantzukizuna gogoan, argi eta garbi adierazi nahi dut ez gaudela ados gutxiengoak aintzat hartzen ez dituen eta gure udalerriarenak ez diren arazoak konpontzeko gai ez den politika egiteko modu honekin, nahiz eta, paradoxikoki, lehen azaldu dudan moduan, gure udalerriak pairatuko dituen Euskal Herri osoan Lege honen eraginak gehienak.

Eskerrik asko

Raúl Palacio, Karrantzako alkatea.
Gasteizen, 2015eko maiatzaren 25ean.