Albisteak

 

Enkarterrialde landa garapeneko elkarteak eta Karrantzako Turismo Bulegoak lehenengo Ginkana egingo dute, ekainaren 5ean, Karrantzan, enkarterrietako haraneko turismoa eta ekonomia sustatzeko. “Karrantza, latak eta letoiak” izendapenean, Ginkana udalerriko erakargarrietako bat bihurtu nahi da, publiko guztiari zuzenduta; izan ere, Karrantzan beste zona batzuk ezagutzera eman nahi dira, hain ezagunak ez izanagatik garrantzitsuak baitira.

Ekimena antolatzen aritu dira baita ere Karrantzako zazpi ostatu (Aingeru, Aitxitxen Etxea, Artetxea, Gailurretan, Fuenternilla, Gure Nahia eta Urritza) eta tokiko produktuak ekoizten dituzten hiru enpresa (Lombera, SAT Quesos de Karrantza eta Alpacas del Norte); bestetik, esan beharra dago ekimenak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren LEADER proiektuaren diru-laguntza eta Karrantzako Udalaren lankidetza jasoko dituela.

Hamabost egunero egingo den Ginkana publiko guztiei zuzenduta dago, eta ibilgailu propioa eraman beharko da. 40 km inguruko ibilbidea egingo da, autoz, eta Karrantzako toki ezagunak zeharkatuko dira: El Suceso, Biañez auzoa, Ahedo, Bernales edo Lanzasagudas, besteak beste. Ginkana bi astero egingo da, igandeetan, eta goizeko 10:00etan abiatuko da Ambasaguan auzoko Karrantzako Turismo Bulegotik. Parte hartzen duen talde bakoitzak auto propioa eraman beharko du, eta Turismo Bulegoan Ginkana egiteko behar den material guztia jaso beharko du. Antolakuntzak gps-ak banatuko ditu, ibilbidea errazteko, eta, gainera, mapa orientagarriak eta hainbat opari banatuko ditu abenturari ekingo dioten parte hartzaileen artean. Halaber, zazpi ostatu horietako batean ostatu hartu duten taldeek dohainik parte hartu ahal izango dute. Aitzitik, toki horietan ostatu hartu ez dutenek auto bakoitzeko 10 euro ordaindu beharko dituzte, Ginkanan parte hartzeko. Parte hartzen duen talde bakoitzak Ginkanaren oinarriak jasoko ditu, eta baita bederatzi fitxa ere, interesgune ezberdinetan osatzen joateko.

Ibilbideak hiru orduko iraupena izango du, gutxi gorabehera, eta denbora horretan argazkiak atera, marrazkiak egin, eta Karrantzako toki ezagun horiekin zerikusia duten galderak erantzun beharko dituzte. Ginkanaren puntu bakoitza gps-arekin zehaztu beharko dute, bederatzi tokiak betetzeko eta Ginkanari amaiera emateko, Ambasaguaseko Turismo Bulegora bueltan. Ibilbidean, Karrantzako kuriositateen eta historiaren berri izango dute, fitxa bakoitzak aipamen txiki bat jasotzen baitu, eta, horretaz gain, Bernales auzoan dagoen alpaken landetxera bertaratu ahal izango dute, aspaldidanik Karrantzan bizi den animalia exotiko hori ezagutzeko.

Ibilaldi luzearen ostean, indarrak berreskuratzeko, taldeek tokiko produktuak dastatu ahal izango dituzte, Lanzasagudas auzoko txorizoa edo gazta, adibidez, Gailurretan landaetxean. Haraneko ohiko produktu batzuk erosi ahal izango dituzte baita ere, eta, aldi berean, dastatze txiki bat eskainiko zaie.

Ibilbidea hasi baino lehen, talde parte-hartzaileek gutun-azal bat hautatu beharko dute, itzuleran zabaltzeko. Gutu-azalaren barruan denbora jakin bat agertuko da, Ginkanaren gutxi gorabeherako iraupena, alegia. Gutun-azala Turismo Bulegoan zabalduko da, 13:30ean, eta idatzitako denborari gehien hurbiltzen zaion taldea izango da irabazlea. Saria bi pertsonentzako gaua izango da, gosaria barne, Ginkanan parte hartu duten Karrantzako ostatuetako batean. Baina saria eta opariak banatuko diren arren, Ginkanak izaera ludikoa du, denbora-pasakoa; izan ere, ekimenaren asmoa igandeetarako plan dibertigarria eskaintzea da, Karrantzan.

“Karrantza, latak eta letoiak” izendapena haranean asko erabiltzen den termino batetik dator, horrela deitzen baitzaio larreak ixteko erabiltzen den sistemari. Egurrezko bi enbor bertikal jartzen dira “latak” izenekoak, hiru edo lau metroko distantziarekin banatuta, letoiak izeneko listoiekin lotuta, egurrezkoak, baita ere. Interneten ekimen turistiko hau sustatzeko, antolakuntzak Karrantzari buruzko birala jarri du abian; Karrantzan filmatutako film laburra da, eta sarean ikusgai egongo da; halaber, youtube.com helbidean eta beste web orrialde batzuetan ere zabalduko da. Turistak, taldeak eta familiak erakartzeko jarduera bilakatzeko helburuz, Karrantzan jaio den Ginkanak Bizkaiko haranik zabalenean turismoa eta ekonomia sustatu nahi ditu, Enkarterrialde eta Turismo Bulegoaren bitartez.

Parte hartu edo izen eman nahi baduzu, edo informazio gehiago jaso nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Karrantzako Turismo Bulegoarekin, 94 680 69 28 / 696 44 63 01 telefono zenbakietan, edo idatzi emaila helbide honetara: turismo@karrantza.org

Enkarterrialdeko txostena