Karrantzak landare biodibertsitate izugarria du, eta gainera, geografia osoan zehar barreiatzen den bertako basoaren ondare garrantzitsua ondo zaintzen du. Arte, pago eta haritzen basoak edertasun paregabeko parajeetan daude eta horiekin bat egiten dute urki, gorosti, haltz, gaztainondo, makal, lizar eta bestelakoek osatzen dituzten ibarretako ekosistema txikiak. Larre, txilardi, otadi eta inguruneko artzain-izaerarekin lotutako landare- zein zuhamuxka-multzoak ere oso nabariak dira Haraneko tontorretan.
Artadiak Haraneko iparraldean daude, gehienbat, Sopeñako haitzetan.
Pagadiak, aldiz, Ordunteko mendi-hegaletan eta Mesada mendilerroan ikus ditzakegu eta, era berean, oso nabariak dira hedadura nahiz edertasunari esker, Rebedules eta Boherizakoak (La Calera), Saltipiñia eta Balgerrikoak (Lanzas Aguadas) eta Linaresekoak (Pando). Hariztien artean, La Moradilla basoa (La Cerca) aipatu behar dugu.
Haranean landare espezie ugari daude, baina Ordunteko mendietako hegoalde-mendebaldeko gunea gailentzen da bereziki, bertako botanika-interesa dela eta. Horretan, Zalamako zohikaztegiak eta Saldueroko zingira higroturbosoak daude.
Haran osoan zehar basoek eta larreek aberastasun mikologiko garrantzitsua eskaintzen dute, eta ondorioz, hainbat onddo eta ziza bildu ahal dira.
Barrio de Concha 1 · 48891 KARRANTZA HARANA · Tfn: 94 680 60 12 · Fax:94 610 67 63 · udala@karrantza.org · Lege oharra · XHTML CSS A-A